XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lahoren, herri zaharreko kale zeiharretan galduta ibili ginen, harategi, espezia, usaingozo eta intzentsu usain artean.

Gau bat besterik ez genuen egin Salvation Army-ren aterpean.

Egin beharreko erosketak egin, bizikletak garbitu, entsalada ederra jan eta trafiko zoramenetik ihes egiteko nahikoa.

Baina sekulako ustekabea ere izan genuen.

Beste hainbat tokitan bezala, aterpetik pasatutakoek hitzak eta marrazkiak izkiriatutako liburua edozein orritan ireki, eta hara non euskarazko lerroak topatu!

Hura poza hura!

Baina poza sekulako harridura bilakatu zen irakurtzen hasi orduko: Kaixo Maixabel eta Ttiki: ez nauzue ezagutzen baina badakit ziurrenera lerrook irakurriko dituzuela....

Arrapaladan irakurri nituen hurrengo lerroak; bi neska bizikletaz mendian gora eta behera agertzen zuen marrazkiari so egon nintzaion luzaroan.

David izeneko bilbotarraren sinadura zuen eskutitzak.

Baina nor zen David? Nola zekien gure berri?

Nondik nora genbiltzan, Philipekin elkartu ginela, eta norantz gindoazen.

Ez dugu ezagutzen.

Egunen batean ezagutuko ote dugu?

Ahoa bete hortz, pozik baina erasanda, David hura nor zen jakiteko irrikitan gelditu ginen.

Amritsarreko Urrezko Tenpluaren alboko patioan gaude, patxadan; Urrezko Tenpluari, sikh erlijioko fededunen tenplu sakratuari begira.

Urrezko Tenplua, Nektarraren Putzua deritzan urmahelak inguratzen du.

Sarrera bakarra, irla moduko jauregira daraman zubitxoa, eta kolore biziz jantzitako jende ilada luzea dago zain, barruan tokia izan arte.

Urrezko Tenplura, sikh erlijiodunek etorri nahi izaten dute bizitzan behin bederen.

Igandea izaki musulmanen ostirala ahaztuta gainezka dago.

Tenplura bisita eta otoitz egin ondoren, plazari itzulia ematen diote uraren ertzetik, urmahelean bainatuz.